Prentsan

Berria egunkarian elkarrizketa

GALDERAK: 

1.-Iaz antolatu zuen Ixah elkarteak (oker ez banago behintzat) lehenengo aldiz ARTIXTEN TOPAKETA. Nola sortu zen ideia? 

2.-Zein da topaketa hauen helburu nagusia? 

3.-Zein motatako artixtek dute lekua topaketa hauetan? 

4.-Dagoeneko jende asko animatu al da? (Zer moduz joan da egindako bilera) 

5.-Nolako giroa espero duzue urriaren 4rako? 

6.-Prestatu al duzue behin behineko egitarau bat edo? Sorpresa berezirik? 

7.- Jendeak kalean, nola erantzuten du, geratzen al da artixten lanak ikustera? Kuriosidaderik izaten al du jendeak? 


----------- 
Galderen erantzunak: 

1- Artixtak, normalean, bakoitzak bere aldetik eta bere esparruan egiten ditu gauzak. Musika zaletuak garenok, adibidez, musikarekin zerikusia duten gauzak antolatzen ditugu, normalean. Gutxitan elkartzen dira adar desberdinetako lagunak gauzak egiteko. Hasiera batean, Artixten Topaketa, izenak dioen bezala, adar desberdinetan aritzen diren artixtak elkartzea bilatzen du; egun berean eta espazio berean gauzak elkarrekin edo elkarren ondoan egin, bata besteari oztopo egin gabe, noski. Ixah elkartea, Euskal Herrian oso ezezagunak ez diren musikak zabaltzeko asmoa duen elkartea da (musika beltza eta elektronikoa bereziki, baina ez dago musikaren esparrura mugatuta). Helburu horrekin gauza desberdinak antolatzen ditugu eta Artixten Topaketa da horietako bat. Info + : www.ixah.net 

2- Helburu nagusia Hernani zein inguruko herrietako artixtak egun eta espazio berean elkartzea da, elkarrekin edo elkarren ondoan gauzak egin ditzaten eta euren sormen lanak jendearen aurrean erakutsi ahal izateko. Adar desberdinetan ari diren artixten arteko harremana bultzatu eta elkarren artean gauzak egin ditzaten animatu. Musikarekin edo beste edozein sormen lanarekin egun argiz eta kalean gozatu eta ikasi ahal izatea nahi dugu eta kalea berreskuratu nahi dugu, kotxeak kaletik atera eta jendearentzat berreskuratu nahi dugu. Hasi berriak direlako, ezagunak ez izateagatik edo edozein arrazoiagatik euren sormen lanak jende aurrean erakusteko zailtasunak dituztenei baliabideak jarri nahi dizkiegu kalera atera daitezen. Musikariei eszenatokia eta soinu ekipo txukuna eskaini musikarekin ari daitezen eta erakusketak non egin ez duenari kalean erakutsi dezala ahalbideratu, adibidez. Eta azkenik, gustukoak ditugun gauzak eginez eguna pasa nahi dugu. 

3- Ez dago mugarik. Bere sormen lana kalera atera nahi duen guztiak parte hartu dezake. 

4- Guk uste baino jende gehiago animatu da eta guk nahi baino gutxiago. Jendearengana iristeko zailtasun handiak ditugu, gure baliabideak oso mugatuak dira eta ez da erraza jendeari ekimen honen berri ematea. Harremana zuzena da gehienetan eta ahal dugun neurrian komunikabideen bitartez ezagutzera ematen dugu ekimena. Ekimen berezi xamarra da eta jende askok, agian, ez du hasiera batean topaketaren ideia ulertzen. Ez dugu zerbait erraldoia antolatu nahi ( eta gainera ezingo genuke egin). Ekimen honetan artixtei ez zaie elkartasuna eskatzen, gonbidapena egiten zaie eta egiten diren gauzak ez dute diru saria bilatzen. Guk azpiegitura lortu eta koordinazio lana egiten dugu, besterik gabe. Normalean oso ezagunak ez diren artixtak animatzen dira, itzaletik dabiltzanak. 

5- Eguraldiak laguntzen badu, Urbieta kalean egingo dugu eta bertan hiru gune izango dira. Horrela izatea nahiko genuke. Helburuetako bat kalean gauzak egitea da eta ondorioz eguraldiaren menpe gaude. Eguraldiak laguntzen badu giro ederra sortu daiteke. Ez dugu jendetza espero, ekimena berezia da eta ez da jende asko elkartzen duen horietakoa. Jendea biltzea gustatuko litzaiguke, noski baina helburua ez da jendetza biltzea. Eguraldi txarra egingo balu Atsegindegiko plaza estalian egingo genuke, guztia gune bakarrean. 

6- Egitaraua prestatzen ari gara. Kartela asteburuan kaleratuko dugu baina artixtak azken unerarte apuntatu ahal izango dira ( baita egunean bertan ere, antolaketa aldetik aukera badago behintzat). 

7- Ikus entzuleen artean denetarik dago. Batzuk paseoan dabiltza eta besteak espreski zerbait (edo guztia) ikus-entzutera datoz. Gehienei kuriosoa iruditzen zaie horrelako leku batean horrelako zerbait egitea. Horietako baten bat sortzaile bilakatzea gustatuko litzaiguke.

 

Alain Txiki, jende guztia harrituta uzten zuen :-)

Berrian erreportaia

Atera kalera zure artea 

Larunbat honetan, ‘Artixten Topaketa’ ospatuko dute bigarren aldiz Hernaniko (Gipuzkoa)Urbieta kalean 

Kalean, parkean, etxera bidean, erosketak egitean… Egunero gurutzatzen gara hamaika ezezagunekin. Hamaika aurpegi ikusten ditugu eguna joan eta eguna etorri, begirada horien atzean zein istorio gordetzen den sumatu ere egin gabe. Akaso erizain bat, akaso garbitzaile bat, ikaslea hasi berria agian… Ez dakigu, baina beharbada, oraindik ezezaguna den artista batekin gurutzatzen gara egunero, lanera bidean. 
X (ixa) hizkia, ezezaguna den hori adierazteko erabili ohi da. Hernanin (Gipuzkoa) bada izen hori duen talde bat Ixah elkartea, hain zuzen. Euskal Herrian ‘ezezagunak’ diren musikak ezagutarazi eta zabaltzea du helburu talde horrek. Asko dira gurean hain ezagunak ez diren musikak. Ixah elkarteak, musika beltza eta musika elektronikoa bultzatzen ditu, bereziki. Baina artista ‘ezezagunak’ ez dira musikaren alorrean soilik izaten eta elkarteak mota guztietako artistentzako topaketa antolatu du bigarren aldiz. Euren artea, kalera ateratzeko aukera izan dezaten. 
Horrebestez, larunbat honetan, Hernaniko eta inguruko herrietako artistek egun eta espazio berean elkartu ahal izango dute. Aritz Sound System Ixah elkarteko kidearen arabera «elkarrekin edo elkarren ondoan gauzak egin ahal izango dituzte eta euren sormen lanak jendearen aurrean erakutsi». Topaketa hauen helburuetako bat «adar desberdinetan ari diren artisten arteko harremana bultzatu eta elkarren artean gauzak egin ditzaten animatzea» da. Gauzak egin non eta kalean. Hernaniko Urbieta kalea adar ezberdinetako artistek hartuko dute larunbatean: «Sormen lan horiekin egun argiz eta kalean gozatu eta ikasteko aukera izan nahi dugu. Kalea berreskuratu. Kotxeak kaletik atera eta jendearentzat berreskuratu», azaldu du Aritz Sound System Ixah elkarteko kideak. 
Larunbatean Hernanira hurbilduko diren artista horietako askok ez dute baliabiderik euren lanak erakusteko: «Hasi berriak direlako, ezagunak ez izateagatik edo edozein arrazoirengatik zailtasunak dituzte euren sormen lanak jende aurrean erakusteko. Guk baliabideak eman nahi dizkiegu kalera atera daitezen». Horrela, musikariei agertoki bat edo soinu ekipo txukunak eskainiko dizkiete. Eta erakusketa bat non egin ez duenari kalean erakusteko modua emango diote, esaterako. «Azken batean, gustuko ditugun gauzak eginez eguna pasatzea da gure asmoa», dio Aritz Sound Systemek. 


KALEA ARTISTENTZAT. Dagoeneko artista ugarik eman dute izena eta larunbatean Hernanin izango dira euren lanekin. Hala ere, «guk uste baino jende gehiago animatu da eta guk nahi baino gutxiago», azaldu du Ixah elkarteko kideak. Izan ere, «ekimen berezi xamarra da eta jende askok, agian, ez du topaketaren ideia ulertzen». Dena den, argi daukate helburua ez dela topaketa erraldoi bat antolatzea: «Artistei ez diegu elkartasuna eskatzen, gonbidapena luzatzen zaie eta egiten dutenak ez du diru saria izaten. Guk azpiegiturak lortu eta koordinazio lana egiten dugu, besterik gabe. Eta normalean oso ezagunak ez diren artistak animatzen dira, itzaletik dabiltzanak». 
Eguraldiak laguntzen badu behintzat, Hernaniko Urbieta kalea bereganatuko dute artistek larunbat honetan –eguraldi txarra egingo balu Atsegindegin bilduko dira–. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko egitaraua prestatzen baina artistek azken unera arte izango dute animatzeko aukera –antolaketa aldetik arazorik ez badago behintzat–. Artistentzako hiru gune prestatu nahi dituzte, Sound System gunea izango da bat, kalea bera bestea eta agertoki txikia hirugarrena. Horietan banatuta, txalapartariak, reggae musika, rap saioak, musika elektronikoa, antzerkia, graffitiak, dantza, gorputz margoketa,…denetarik egongo da. 
Artista guztiz ezezagunak izango dira batzuk, bat edo beste ezagunagoa ere bai akaso, baina guztiek helburu argi bat dute, euren sormen lana kalera ateratzea, ezagutaraztea.

 

Rude Kanka sound systema. Txalapartari, Daviden melodika eta Ibanen didgeridoa. Luxu handia.

Kronika 2008-10-01

Artixten II Topaketa izango da larunbatean Hernanin 
Herrian eta inguruko herrietan artearen esparru desberdinetan ari diren pertsonak egun eta espazio berean elkartzea da helburua. Egun osoko jaia izango da. 
2008/10/01 - Asteazkena 

Txikiren estilo dotorea :-)


ARTIXTA mordoska elkartuko dira larunbatean Hernanin egingo den Artixten II Topaketan. Egun osoko jaia izango da Urbieta kalean eta bertan herriko eta inguruko esparru askotako artixtak elkartuko dira, ondoen egiten dutena eta gustukoen dutena erakusten. 

Urbieta kalean, egun osoan 

Eguerdiko 12:00etan hasiko da topaketa eta iluntzera arte luzatuko dira emanaldiak. Hiru gune izango dira Urbieta kalean barrena; bata, Karobietako kiosko parean; bertan musika izango da batik bat. Kale bukaeran izango da bigarren gunea; hemen ere musika izango da protagonista; hirugarren guneak kale osoa hartuko du, bere luze-zabalean, break dantza, graffitiak eta era askotako margolariak izango baitira. 

Beren onenak ematen 

www.ixah.net web orrian elkartzen diren hainbat artixten ideia izan zen topaketa, eta Aritz Usandizaga hernaniarra izan zen ideia garatu zuena. Joan den urtean egin zen lehenengo aldiz topaketa Hernanin, eta jende asko hurbildu zen parte hartzera eta ikuskizunaz gozatzera. Ideia, alor desberdinetako pertsonen lanak kaleratzea da, eta bide batez, kalea aisialdi gune bezala berreskuratzea. Gainera, artixtak elkartuta, proiektu berriak sor daitezke antolatzailearen ustez. Artixta hasi berriei ere aukera ematea du helburu topaguneak, eta gainera baldintza duinak eskainiz, alegia, beharrezkoa duten azpiegitura jarriz. Antolatzaileak topaketaren izaera irekia azpimarratu nahi du, edonork parte har baitezake. 

Aurten bigarrena 

Aurten bigarren urtea da Artixten Topaketa egiten dela. Joan den urtean 50 artixtatik gora elkartu ziren. Aurtengoan parte hartu nahi duenak oraindik aukera du ixa74@hotmail.com helbidera idatzi edo 675 703 276 telefono zenbakira deituta.

 

Eskerrik asko gerturatu ziren  graffiti margolariei.